Historia

EHATE (Euskal Herriko Artzain Txakurren Antolatzaileen Elkartea) Euskal Herrian artzain txakurren txapelketak antolatzen dituzten elkarteak koordinatzen dituen entitatea da. 

1955ean jokatu zen Oñatin artzain-txakurren trebezia neurtzeko Euskal Herriko lehenengo txapelketa. Aurretik, 1948an, Katalunian Ribes de Freserren hasiak ziren halako txapelketak antolatzen eta handik ekarri zuten Oñatiarrek eredua.

Lehenengo ernamuin hartatik hasita, Euskal Herri osoan zabaldu ziren lehiaketak eta 90eko hamarraldiaren amaieran, Euskal Artzain Txakurra eta artzain-mundua babestu eta bultzatzea helburu zuen mugimendu hartatik EHATE sortu zen.

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak, 1999ko abuztuaren 16an artzain txakurren inguruan lehiaketa eta bestelako gertakizunak antolatzen dituzten elkarteen errejistroa sortu, eta lehiaketa nahiz gertakizun ofizialak aintzatesteko agindua onartu zuen. 

Agindu horren haritik, gaur egun EAEn antolatzen diren txapelketa nagusiei izaera ofiziala aitortua die Eusko Jaurlaritzak.

Uharte Arakil, artzainak, www.artzaieguna.com webgunetik hartua
Uharte Arakil, artzainak, www.artzaieguna.com webgunetik hartua